Euskadin, mahaian esertzea benetako plazera da zentzumenetarako. Michelin izarrak dituzten jatetxe ospetsuak, sagardotegi tradizionalak, haragi- eta arrain-erretegiak, parrilak… Gustu guztietarako kalitateko sukaldaritza-proposamenak.
Euskadin, munduan ospetsuak diren ekitaldi gastronomiko handiak egiten dira (Repsolen “Eguzkien Gala” eta Gastronomika, adibidez), eta planeta osoko sukaldariak biltzen dira bertan, ikertzeko, eztabaidatzeko edo beren sukaldaritza-sorkuntzak ospatzeko. Donostia munduan Michelin izarrak dituzten jatetxeen kontzentraziorik handiena duen hiria da; Euskadi osoan, sari hori jaso duten 24 jatetxe daude. Hala ere, euskal gastronomia ez da izarren arabera soilik neurtzen: gastronomia gure kulturaren eta gure eguneroko bizitzaren parte da. Familia-bilerak eta negozio-bilerak mahai baten inguruan egiten dira, eta, askotan, elkarte gastronomiko edo txoko batean. Bertan, kideek janaria prestatu eta elkarrekin gozatzen dute hain benetakoa den esperientzia horretaz.