Euskadin diharduen Hagoos DMCak eta turismoko kontsultoretza-enpresak Basque live streaming Event by Hagoos zerbitzua jarri du abian. Zerbitzu hori pizgarri eta ekitaldien agentziei eta, oro har, Estatuko zein nazioarteko enpresei zuzenduta dago, eta ekitaldietara Euskadiren esentzia hurbiltzea du helburu, COVID-19aren krisiak sektorea gogor zigortu ondoren utzi duen testuinguruan. Enpresa askok bertan behera utzi behar izan dituzte ezinbestez beren lan-bilerak, urteurrenen ospakizunak, batzarrak, produktuen aurkezpenak, sariak, lan-jardunaldiak eta abar. Enpresa horietako gehienak jo eta ke ari dira errealitate berrira egokitzen, eta Internetek eskaintzen dituen aukerei esker berrekin diote jarduerari. Basque live streaming Event by Hagoos zerbitzuak urrats bat egin du aurrera, eta % 100ean made in Euskadi diren streamingean egiteko ekitaldiak diseinatu ditu. Horretarako, Euskadin baino gozatu ezin diren zuzeneko esperientzia paregabeekin konbinatzen dira lana eta aisia. “Lurraldeaz dugun ezagutzari esker diseinatzen ditugun ekitaldietan, anfitrioiek zuzenean partekatu ditzakete parte-hartzaileekin pasadizo eta esperientzia turistikoak, bidaiatu eta etxetik irten behar izan gabe” —azaldu dute Hagoos-en sortzaileak diren Silvia Tellecheak eta Laura Larriónek—. “Harrotasunez erakusten dugu gure kultura, tradizioak, gastronomia, izaera eta abar. Eta gure lurraren nortasun nabarmena eman nahi diegu gure online ekitaldiei”. Proposamenaren barruan, honako esperientzia hauek ditugu: “Euskal gastronomiaren zaporeak” (sukaldaritza-erakustaldiak zuzenean, bisita eta dastaketa birtualak txakolindegietan, beren baserrietako ateak irekitzen dizkiguten tokiko produktoreak, Michelin izarrak dituzten eta beren pasadizoak kontatzen dituzten sukaldari txalotuak eta abar); “Euskal kultura eta tradizioak” (dantza eta musika tradizionala, herri-kirolen erakustaldiak, artearen, kirolaren eta, oro har, kulturaren esparruko pertsona ospetsuen hitzaldiak edota museoetarako bisita gidatuak); “Itsasoa eta arrantzaleak” (euskal balea-arrantzaileei buruzko Albaola museoa, Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Getaria eta Bermeoko arrantza-hiribilduen edertasuna ezagutzeko aukera). Eta, jakina, “Basque City Breaks” esperientzia, Donostia, Bilbo edo Arabako Errioxako sekretuak etxetik irten gabe ezagutzeko proposamen kreatiboekin. Basque live streaming Event by Hagoos-ek, gainera, team building jardueren proposamenak egiten ditu. Jarduera horietan, aldez aurretik parte-hartzaile bakoitzak erabilera-argibideak biltzen dituen kit pertsonalizatu bat jasotzen du etxean, ekitaldiaren egunean online erabiltzeko. Produktu berria da, enpresa bakoitzaren premietara erabat egokitua, eta Hagoos arduratzen da prozesu osoaz: ekitaldiaren diseinua, antolaketa, koordinazioa eta produkzioa. Online alternatiba kreatiboa eta desberdina da, enpresek beren ekitaldiak Euskadin ospatzeko aukerari erabat uko egin ez diezaioten. Hagoos, DMCa eta turismoko kontsultoretza-enpresa Hagoos DMC (Destination Management Company) bat da, egoitza Donostian duena (ENK: 2282) eta Euskadin, Nafarroan eta Espainiako iparraldean taldeentzako zein MICE turismorako bidaiak diseinatzen dituena. Turismo-kontsultoretzako zerbitzuak eskaintzen ditu jomugetarako, turismo-enpresentzat eta erakunde publiko eta pribatuentzat, eta turismoaren jasangarritasunarekin konprometitutako ikuspegi bati jarraitzen dio beti.