Basquetourrentzat familia-turismoko laguntza teknikoa kudeatzen duen Hagoos turismoko kontsultoretza-enpresak Euskadiko Familia Turismoaren I. Jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldiak hilaren 12an eta 13an egin dira Zarauzko Modelo aretoan eta Orioko Arraunetxean, hurrenez hurren. Hilaren 12ko jardunaldian, familia-turismoaren joeretan eta, zehazkiago, Euskadik haurrekin etortzen diren familientzako turismo-jomuga aproposa izateko dituen gakoetan sakontzeko hitzaldi-programa zabala eskaini du. Jardunaldi horren ardatz nagusiak honako hauek izan dira: bidaiatzen diren familien kontsumo-ohiturak, merkaturatzeko gakoak, euskal turismoaren sektoreko jardunbide egokien adibideak eta Euskadik Family Friendly jomuga gisa dituen erronkak.
150 pertsona baino gehiago bertaratu dira, eta, besteak beste, Estatuko agentzietako (hala nola Eroski Bidaiak agentziako) eta nazioarteko agentzietako (hala nola Vamos Eltern-Kind-Reisen agentziako) ordezkariei, Galiziako Familia Turismoko Klusterrari, Espainiako Familia Ugarien Federazioko Familia Turismoko Zigiluko kontsultoreari eta TripAdvisor-eko jomugen arduradunari entzuteko aukera izan dute.
Hilaren 13ko jardunaldia, berriz, Orion egin da, “Benetako familia-oporrak” lelopean, eta lan-tailer batzuk egin dira produktu-klubaren parte diren sektoreko hainbat enpresarekin. Parte-hartzaileek, gainera, familia-turismoan lanean ari diren Urola Kostako turismo-baliabideetako batzuk ezagutu ahal izan dituzte, hala nola Zumaiako Kanpina, Talai Berri txakolindegia eta turismo aktiboko Begi Bistan enpresa.
Jardunaldi horiek "Euskadi Familia Turismoa" proiektuaren barruan egin dira, Basquetourrek bultzatuta, turismoaren sektoreko euskal enpresei haurrekin bidaiatzen diren familien premietara egokitzen laguntzeko helburuarekin. Dagoeneko euskal lurralde osoko 160 enpresak baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin. Ekimenak, nolanahi ere, ostatuak, jatetxe-arloko enpresak, museo-baliabideak, jarduera-enpresak eta abar bildu ditu.
Jardunaldiak Basquetourri eta Zarauzko Udalari esker egin dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Urola Kostaren laguntza jaso dute.
Hagoos-ek kontsultoretza turistikoa eskaintzen du, turismo arduratsu baten garapenarekin konprometitutako ikuspegi independente eta dinamiko batetik abiatuta.
Programa osoa irakur dezakezu hemen: FAMILIA TURISMOAREN JARDUNALDIEN PROGRAMA