Familia-turismoan espezializatuta dagoen Euskadiko Hagoos bidaia-agentziak bere produktu turistiko berriak aurkeztu ditu asteburu honetan Parisen, Rencontres Cultivées izenekoen II. edizioaren barruan.
Ehunka paristar hurbildu ziren joan den asteburuan euskal nekazaritzaren eta abeltzaintzaren topaketa horretara. Bertan, Lur Lan eta Amalur kolektiboetako hainbat euskal produktore elkartu ziren.
Aurten, berritasun gisa, Hagoos-ek eta Lur Lan-ek diseinatutako produktu turistiko berriak aurkeztu ziren, bisitariari euskal landa-bizitza ezagutarazteko. Euskal nekazari eta abeltzainen beren eskutik, hainbat elikagai (hala nola Idiazabal gazta, Ezpeletako biperra, Tolosako babarruna eta Euskal Txerria arrazako txerrikiak) lantzeko modua eta haien jatorria ezagutu ahal izango dute turistek. Turismo-proposamen horien bidez, euskal sustraietan eta ogibide tradizionaletan sakondu daiteke, eta bisitariak tokiko produktoreen bizitzara eta ohituretara hurbildu daitezke.
Hagoos-en proposamenen artean, honako hauek azpimarra daitezke: ibilbide bat Aralarko parke naturalean zehar, borda batean amaitzen dena (bertan artzainari eguneroko zereginean laguntzeko aukera izango da), etxeko marmeladak eta euskal gozoki tipikoak egiten aktiboki parte hartzea edota mahastizain batekin zaldi-orga batean paseatzea, mahastien artean.
Esperientzia horien bidez, Euskadiko sustraietara hurbildu nahi dira turistak. Euskadi kontraste handiak dituen lurra da, eta, ezaugarri bereizgarrien artean, familia-izaerako nekazaritza-ustiategi txiki batzuk ditu, ingurune naturalean erabat integratuak eta orain mundura ireki nahi dutenak, bizitza osoan egin dutena (askotan belaunaldiz belaunaldi) erakusteko.
Hagoos-i buruz:
Hagoos (www.hagoos.com) lizentzia ofiziala duen bidaia-agentzia handizkari eta txikizkaria da (ENK: 2282), eta oporretarako jomuga gisa Euskadi eta Nafarroa aukeratzen dituztenei zuzendutako kalitateko bidaiak eta esperientziak eskaintzen ditu. Haurrak dituzten familien premiei erantzuteko diseinatutako produktu turistikoak dituen Euskadiko lehen bidaia-agentzia da. Duela gutxi, Hagoos MICE izeneko negozio-dibisio berria atera du (www.hagoos.com/mice).
Lur Lan:
Lur Lan Baserritar Elkartea euskal produktoreen elkarte bat da, eta 1997an sortu zen, beren produkzioak kontsumitzaileei zuzenean, bitartekorik gabe helarazteko helburuarekin. Elkarteak Euskal Herriko askotariko produktu tipiko eta adierazgarriak eta kalitatea egiaztatua dutenak eskaintzen ditu.