Donostiako Hagoos DMCak Basque Culinary Center-en egin zen Turismo Gastronomikoaren Munduko I. Foroaren programa soziala diseinatu du. Gero eta ohikoagoa da turismoa eta gastronomia lotzea. Hori dela eta, ekitaldi horretarako diseinatutako programa sozialak tradizioari eta gastronomiari lotuta dauden euskal kulturaren alderdiak helaraztea izan du helburu. Parte-hartzaileek itsas tradizioa (Zumaian eta Getarian), sagardoaren kultura, Ordiziako azoka, Idiazabal gaztaren lurra, pintxoen kultura eta abar ezagutzeko aukera izan zuten. Gure kultura gastronomikoaren adierazgarririk onenen inguruko plan hautatuak. Halaber, topaketaren aurreko eta ondorengo egunetan Euskadi osoan zehar egiteko askotariko plan eta esperientzia turistikoak eskaini zizkien Hagoos-ek hiriko egonaldia luzatu nahi izan zuten parte-hartzaileei. Foroaren barruan, hainbat adituk turismo gastronomikoaren sektorearen egungo egoerari eta erronkei buruzko gogoeta egin zuten, munduan sektorearen garapen profesionala, esperientzien elkartrukea eta jardunbide egokien identifikazioa bultzatzeko helburuarekin. Topaketa Basque Culinary Center-ek eta Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) Basquetourren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin egindako lanari esker egin zen.