Enoturismoa gorantz doa, eta Arabako Errioxak bertako ardo ospetsuekin gozatzera iristen diren 60.000 turista baino gehiago hartzen ditu urtean. Inguru horretan sortzen diren Errioxa Jatorri Deiturako ardoek duten fama merezia lurzoru buztintsu/karetsuaren, mahastien kokapenaren eta, batez ere, elaborazio tradizionala eta azken hobekuntza teknologikoak konbinatzen dituen bertako jendearen arreta eta arduraren ondorioa da. Aukerak askotarikoak dira, 40 upategi baitaude Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbide turistikoaren barruan. Bisitariak historiaz eta Erdi Aroko kondairez betetako upategiak ezagutzeko (hala nola Guardiako El Fabulista) edota Frank Gehry arkitekto ospetsuak diseinatu duen eta ardoaren bainuetxea den Marqués de Riscal 5 izarreko hotelean titaniozko diseinuarekin gozatzeko aukera izango du. Ardoaren arkitekturaz gozatzeko beste aukera batzuen artean, honako hauek azpimarra ditzakegu: Azpiazuk Baigorri upategirako egindako obra sotila (ardoaren turismoaren Best of saria jaso duena), Santiago Calatravak egindako Ysios upategiko uhin ospetsuak eta Philippe Mazières arkitekto frantziarrak egindako Viña Real upategiko horma makurrak. Jomuga bikaina ardoa eta ardoaren arkitektura maite dituztenentzat.