- Euskal tradizioan errotuen dauden gastronomia-jardueretako bat (txotxaren erritua) baliatuta, Hagoos turismoko kontsultoretza-enpresak eta Petritegi sagardotegiak bisita pedagogiko bat garatu dute, sagardoaren kultura haurren begietara hurbiltzeko.
- Ziurtagiri horri esker, haurrekin joaten diren familiei kalitateko turismo-produktu bat eta zerbitzu jakin batzuk eskaintzeko prestatuta dagoen lehen sagardotegitzat har daiteke Petritegi.
Astigarragako (Gipuzkoa) Petritegi sagardotegiak Family Friendly by Hagoos zigilua lortu du, hots, turismoaren sektoreko enpresek haurrak dituzten familiak hartzeko behar bezala prestatzeko egindako ahalegina aitortzen duen Espainiako lehen ziurtagiria.
Gipuzkoako txotx-denboraldia bete-betean dagoela, Petritegi sagardotegia bere historia eta sagardoa ezagutzera hurbiltzen diren eta haurrak dituzten familien premietara egokitzeko apustua egin duen lehen sagardotegi tradizionala izan da. “Aitzindariak gara bisita gidatuak egiten, eta beste urrats bat egin nahi izan dugu bisitan etortzen zaizkigun familiei bereziki zuzendutako programa bat garatzean”, azaldu du sagardotegiko gerente Ainara Otañok. “Etorkizunerako egin dugun apustuak produktuaren kalitatea eta enoturismoa ditu ardatz, eta esperientzia gastronomiko paregabeak eta kalitatekoak eskaintzen dizkiogu jendeari (kasu honetan, familiei)”.
Hagoos turismoko kontsultoretza-enpresarekin lankidetzan, Petritegi sagardotegiak bisita pedagogiko bat diseinatu du bertako instalazioetan zehar. Bisita horretan, joko batzuen bidez, 500 urte baino gehiago dituen baserri honen historia ezagutuko dute haurrek, eta hain edari tipiko hori lantzeko prozesua ikasiko dute. Haurrek eta helduek zurez egindako XVI. mendeko Petritegi baserri/dolarearen eraikuntzan parte hartu ahal izango dute, sagarren jatorria, prentsatzeko metodoa eta abar ikasiko dute, eta benetako esperientzia bat bizi ahal izango dute sagardian, fruta biltzen.
Bisita egin eta bazkaltzen geratu nahi duten familia gogotsuek zerbitzu osagarriak izango dituzte, hala nola haurrentzako kalitateko menu bat, haur-aulki altuak jangelan, haurren aldalekua bainugelan, eta haurtxoentzako behin erabiltzeko adur-zapiak. Gainera, udazkeneko igandeetan, sagardotegiak haurrentzako kultura-tailerrak eskaintzen ditu, helduek janariaz eta sagardoaz gozatzen duten bitartean.
Astigarragako Petritegi baserria erreferentzia da sagardotegiaren munduan duela mende batzuez geroztik. Baserria XVI. mendearen hasieran eraiki zen, eta 500 urte dira sagardoari lotuta dagoela. Gaur egun, parekorik ez duen sagardoa ulertzeko eta sentitzeko modu baten adierazgarria da Petritegi sagardotegia, eta “kalitate” eta “berrikuntza” kontzeptuak eta sagardoa lantzeko metodo tradizionalak elkartzen ditu.